XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Gero, isilune baten atzetik, galdetu zion: -
Zergatik ez didazu han gertatzen denaren berririk eman?.
Burutsuk geldi jarraitu zuen, ilargiari begira-begira. Ez zuen erantzun.
- Zer ikusten zenuen jakin nahi nuelako bidali zintudan hara - esan zion Hegalari Haizegoxok, berriro ere, urduri eta larri, kandela mugituz.
Duda-mudatan egon ondoren, haurrak baizik ez zituela ikusi esan zion beleak.
Adi-adi begiratu zion Haizegoxok, oso kezkaturik.
- Besterik ezer ez?- galdetu zion.
Ez, Burutsuk ez zuen ezer gehiago ikusi.
Hark ere nahigabetua zirudien, beraz Haizegoxok ez zion beste galderarik egin; baina estu eta larri ematen zuen.
Burutsuk bere begi onaz ezer ez ikusi izanak, bazekien zer esan nahi zuen: han ez zegoela batere gauza onik, ezer ederrik mirestu ahal izateko; horregatik ez zuen ezer ikusi.
Orduan burutazio beldurgarri bat izan zuen: Zer ikusiko zukeen beste begia ere, munduko txarkeria ikusten zuena ere, eduki izan balu?.
Egonezin bizian, zoruan zegoen paper biribilkatu bat jaso zuen; duela gutxi Burutsuk ekarria zen; bide ondoan, zuhaitzari josita aurkitutako ohar bat zen.